2012(e)ko urriaren 28(a), igandea

LASAITU ETA IRAKURRI LIBURU BAT/ KEEP CALM AND READ A BOOK

BATUKETA ETA KENKETA

Behin, ikasle alfer batek, Han maisuari istorioak kontatzea gustatzen zitzaiola jakinik, matematikako orduan galdera bat egin zion, ariketa batzuk saihestu nahirik.

- Han maisu. Zer da hobea, batuketa ala kenketa?
- Galdera interesgarria.

Ikasleak pentsatu bezala, maisua burutaziotan hasi zen. Ikaslea erdi lotan eta gustura zegoen, ez ikasteko aitzakia asmatu izanagatik pozarren, galdera egin zion maisuak:

- Zuk zer nahiago zenuke, batuketa ala kenketa?
- Ez dakit, umm... agian batuketa. Baina, zeren batuketa?
- Batzuk, bizitza guztian batzen aritzen dira: etxeak, autoak, dirua, boterea, lana, ezagutza... eta batuketa, kontsumo, erosketa, lan egite horretan joaten zaie bizitza. Orduan, hil ondoren, zertarako zuten hori guztia besteekin partekatu ez badute, gozate ez badute? Batze horretan, bizitzea ahaztu zaie.

- Ba, ez, horrela ez. Batuketa egingo nuke, baina partekatu ere bai.
- Orduan, kenketa gustatzen zaizu; partekatzeko, kendu egin behar da.

Beste batzuk bizitza osoan kentzen aritzen dira, husten.
Meditatzera erretiratzen dira, eta gizartea uzten dute. Horrela jarraitzen dute, eta lagunak uzten dituzte, familia, bikotea. Burua husten dute, desirak, nortasuna, eta batasuna lortu nahirik mundutik urruntze horretan igarotzen zaie bizitza. Eta, orduan, hiltzen direnean, zertarako dute kentze hori, besteekin partekatu ez badute batasun horrek ematen dien jakinduria, berekin bizi zirenekin elkartzeko gai izan ez badira?

- Baina nik ez nuke dena kenduke. Familia bat izatea gustatuko litzaidake, eta haiekin partekatzea nire bizitza.
- Azken batean, edukitzea gustatuko litzaizuke, hots, batuketa. Zer, orduan? batuketa ala kenketa gustatzen zaizu?
- Ba, biak noski!
- Orduan, berriro galdetzen dizut; zer da hobea, batuketa ala kenketa?

Irakaslearen berriketa xaloaz barre egin nahi izan zuen ikaslea nintzen. Baina, orduko hartan, burua nahasirik geratu nintzen astebeterako. Gero, pasatu egin zitzaidan.
Hogei urte eta gero, berriro etorri zitzaidan galdera, eta zerbait bizi izan eta gero, uste dut erantzuna aurkitu dudala:

Gehitu egin behar da, kendu ahal izateko: partekatu.
Kendu egin behar da, gehitu ahal izateko: partekatu. 

PARTEKATZEA OREKA BILATUZ BIZITZEA DA. 
BIZITZEA GEHITZEA ETA KENTZEA DA, ETENGABEKO DESOREKAN. 

(Iturria: Hitzak ihesi/Palabras fugaces. Juanjo/Juan Kruz Igerabide)


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina